Burdinaren ibilbidea

Burdinaren Ibilbideak kedar eta oinazezko iraganera garamatza, gaur oroimena baino ez dena. Aire zabaleko meategiek, desagertutako mundu baten adierazgarri izan ez ezik, izugarriko panoramikak laga dizkigute, Bizkaiko industriaren bihotzean.

 

Trapagaranen hasiko dugu ibilbidea, Euskadiko industriaren erraietan. Larreinetako funikularretik garai batean aire zabaleko meategiak izan ziren sekulako sakonuneak ikusiko ditugu. Gaur egun, alabaina, aintzirak eta gune berdeak dira. Hemendik kilometro batera La Arboleda auzoa dugu. Bertan bikain kontserbatutako meatzari herria dago, haraneko ikuspegi hunkigarrien artean.

Meategien ustiapenak auzo eta familia ugarri indarrez lekualdarazi zituen. Ortuellan dagoen Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroak industriak paisaian eragindako aldaketak erakustea eta ingurumenari buruzko sentsibilizazioa handitzea ditu helburu. Behatoki aparta da meatzaritzak moldatutako ilargi paisaiak antzemateko.

Gallartaraino (Abanto Zierbena) jarraitzen du ibilbideak. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak, Concha II meategiaren ertzean kokatuta, meategien memoria gorde du urteetan zehar. Pobrezia, grebak eta iraultzak langileen eguneroko ogi bilakatu ziren behinola eta ospea eman zioten lurraldeari.

Inguruneak erabateko transformazioa jasan du azken urteotan. Muskiz eta Zierbenako kostaldean zehar hedatzen den La Arena hondartza adibide bikaina dugu, eta gaur egun surfa edo bestelako ur kirolak egiteko leku aparta da. Hondartzako itsasaldiek izugarrizko atzera-egite espektakulua eskaintzen digute, Kantauri itsasoko labarren ertzetik bihurka doan Itsaslur pasealekutik primeran ikusten dena.

Hemendik oso gertu, Zierbenako portuak xarma tradizionala gorde du bere arrantza- eta kiro-ontziekin eta bertako jatetxe apartekin. Sekulako arrain eta itsaskiak (hegaluzea protagonista hutsa da) dasta ditzakegu benetako marinel-giroan.

Enkarterriko meatze-aberastasuna erromatarrek ezagutzen zuten jadanik. Errementarien trebetasuna oso preziatua izan zen Erdi Aroan. Muskizeko El Pobaleko burdinolan burdin minerala metal bihurtu dute etenik gabe XV. mendetik. Larunbatetan erakustaldi osoa eskaintzen du errementariak, aspaldi batean ezinbestekoak ziren eguneroko objektuak sortuz: nabarrak, mailukak, iltzeak, etab.

 

Galdamesen meategiaren oinazeek luxuari bidea ematen diote. Mendien artean ezkutaturik, munduko Rolls Royce bildumarik handiena gordetzen duen XIII. mendeko Loizaga Dorrea dago. San Pedro auzoan, halaber, Martínez de las Rivas ontzi-jabearen omenez egindako estatua ikus dezakegu. Burdin-meategietako lan-eszenak grabatuta ditu oinarrian eta, adituen arabea, Bizkaiko estatuen artean bikainenetako bat da.

Sopuertan eskualdeko leku adierazgarrienetako bat aurkituko dugu, bere askatasunen eta singularitatearen adierazle: Abellanedako Batzar Etxea, gaur egun Enkarterrietako Museoa. Bertan eskualdeko herri bakoitzeko ordezkariak elkartu ziren mendeetan zehar. Enkarterriko instituzioak aintzatetsi zituen ‘gutun foralak’ izena eman omen zion eskualdeari.

La Linde auzoan ondare industrial izendatutako bi labe daude, minerala kiskaltzeko erabiltzen zirenak. Aldamenetan hainbat ibilbide eta olgetarako parkeak ditugu, picnic-ak antolatzeko eta inguruneaz gozatzeko apartak direnak.

Ibilbideak Burdin Mendien Bide Berdea erreferentzia gisa du, Bizkaiko luzeena. Antzinako meatze-trenaren bidea jarraitzen du 42 kilometrotan zehar. Oinez, bizikletaz edo zaldiz egiteko aukera dugu, eta baita natura betean aktibatzeko makina bat jarduera.

Meategiek duela urte asko itxi zuten, baina langileen oihuek oraindik ere entzun ditzakegu. Tradizioa dioenez, Trianoko mendietan jaio zen Athletic-en garaipenak ospatzeko abesten dugun leloa: Alirón! Meategien langileek burdin hutsa agertzen zenean “all iron” antzeko zerbait oihukatzen zuten ahoskera kaskarrean, ordainsaria jasotzekoa asmoz. Gaur egun, gure arbasoen memoria bizirik mantendu eta omentzeko kemena du Burdinaren Ibilbideak.